AJL Ophthalmic Arabako Teknologi Parkean kokatutako enpresa bat da, ia 30 urte daramatzana etengabe berritzen pertsonen ikusmena hobetzeko, eta orobat lan egiten du albaitaritzaren sektore espezifikoan, batik bat zakurrentzako tratamenduetan. Begi barneko inplanteak fabrikatzen ditu, kirurgia bidez txertatzen direnak hainbat arazo tratatzeko: begi-lausoa, glaukoma, erretina-askatzea… Enpresa horrek SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso du, zeinak ikerketa industriala eta garapen esperimentala bultzatzen baititu euskal enpresetan.
Enpresa hau 1992an sortu zen oftalmologo batzuen ekimenez, zeintzuk AEBetatik inportatutako lente baten banaketan murgildu baitziren. “Sasoi hartan Gurutzetako Ospitaleko hornikuntza-burua nintzen, eta handik atera ninduten konpainia antolatzeko” azaldu du Pedro Salazar sortzaileak. Handik gutxira hainbat desadostasun sortu ziren, eta 1994an Salazar gehiengodun bazkide bilakatu zen. “Pentsatu nuen, zergatik ez ditugu lenteak hemen fabrikatzen? SPRIren eta Ezten arrisku kapitaleko funtsaren laguntzarekin, akzioak erosiz eta maileguak eskatuz, enpresa muntatzen hasi ginen Arabako Teknologi Parkean”.
AJL Ophthalmic-en lehen lente-salmenta 1998an gauzatu zen, oso zaila baitzen baimenak lortzea. Begi-lausoen kirurgiarako begi barneko lenteetan espezializatu zen. “Lehenengo haiek lente zurrunak ziren, eta 6 milimetroko ebakia egin behar zen txertatzeko” aipatu dute Pedro Salazarrek eta Eva Larrak, Araudien eta Produktu Berrien Garapeneko zuzendariak.
AJL Ophthalmic-en estrategiaren oinarrizko ardatzetako bat da I+G-n garatzen duten jarduera trinkoa. Hasierako produktu hark, alegia, begi-lausoentzako begi barneko lenteek eboluzionatu egin dute, eta enpresa dibertsifikatu egin da, beste arazo batzuk tratatzeko produktuak fabrikatuz, hala nola korneako arazoak, glaukoma, erretinakoak eta okuloplastia (aurpegi-masailetako berreraikuntza).
Horrez gain, 2010ean zakurrentzako lenteak merkaturatzen hasi ziren. “Orduantxe sartu ginen Estatu Batuetan, AEBek maskotentzat (pets) duten aurrekontua Espainiak gizakientzat duena baino handiagoa baita”. Hala, 2013an Addittion Technology enpresa estatubatuarra erosi zuten, “bazuelako FDA ziurtagiridun (salmenta baimentzen duena) produktu bat, kornea barneko eraztuna alegia, eta albaitaritzaren sektorean sartu ginen, arlo horretako baimenak ez direlako hain zorrotzak”. Iaz, konpainiak 300.000 dolarreko salmentak egin zituen zakurrentzako lenteetan.
Hemengo bezeroak ospitale publiko eta pribatuak dira, eta atzerrikoak, aldiz, banatzaileak. “Amaierako bezeroa zirujaua da, ez farmaziak edo optikak”.
Plantillan 70 langile inguru daude, eta aurten 15 milioitik gora fakturatuko dute. Negozioaren % 5 I+G-ra bideratzen da. “Gurea etengabeko berrikuntza da”.
SPRI Taldearen Hazitek programak emandako laguntzarekin, korneak 3Dn inprimatzeko bio-tintak garatu dira. “Kornea bat sortu nahi dugu 3D inprimaketa bidez eta material biologiko batekin. Xede da kornea ez dadila izan artifiziala, baizik eta bio-sintetikoa, hots, kornea natural baten antzekoagoa”. Proiektu hori garapenaren hasierako fasean dago gaur egun. “Proiektuaren zati handi bat I+G-n oinarritzen da, eta ez da batere erraza”.
Enpresaren etorkizuneko erronketako bat da urtean 25 milioi euroko fakturazioa erdiestea 2025 edo 2026rako. Hona hemen beren proiektu estrategiko batzuk: begi barneko foku anitzeko lenteen linea berria, erretinarako produktu berri baten garapena, eta kornearen portaera simulatzeko software tresna berri bat, “adimen artifizialean oinarritu nahi duguna, kirurgiaren ondoren pazientea nola geratuko den aurreikusteko”.
AJL Ophthalmic enpresako arduradunek diote ez dagoela eurena bezalako enpresarik sektorean, “multinazionalek erosi dituztelako denak. Guk hemen diseinatzen eta fabrikatzen ditugu produktuak, dena hemen egiten da”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?