Batz eta Ikerlan-ek azeleragailu elektroniko adimendun bat bultzatu dute elkarrekin
Konpainia bizkaitarrak eta teknologi zentroak garatu duten produktuari esker, kooperatibak bere sektorean duen lidergoa sendotu du eta bidea prestatu du mekanikatik elektronikaranzko trantsizioa egiteko.
Elkartu, lehiatzeko eta hazten jarraitzeko. Horixe egin dute Bizkaiko Batz kooperatibak (Mondragon Taldeko konpainia, 1.750 langile dituena Euskadi, Txina, Mexiko, Brasil eta Txekiako bere lantegietan, eta 260 milioi euro fakturatzen dituena) eta Ikerlan IK4 teknologi zentroak (zentro liderra enpresetarako teknologia transferentzian eta balio-ekarpenean), azeleragailu elektroniko bat garatu baitute elkarrekin Automozioaren sektore dinamikorako, funtsezkoa euskal kooperatibaren negozio-ereduan.
Jakinik elektronikak iraultza geldiezin bat eragingo duela etorkizuneko autoetan, bi enpresek elkartzea erabaki dute une horri aurrea hartzeko, eta apustu sendoa egin dute mekanika tradizionala abangoardia elektronikora hurbiltzeko, abangoardia horrek epe laburrean eremu guztiak bereganatuko baititu. Jatsu Insagurbek (Batz kooperatibako Berrikuntza zuzendaria) eta Nerea Uriartek (Ikerlan zentrokoa) Made in Basque Country irratsaioan eman zituzten lankidetza estrategiko horren xehetasunak.
Mekanikatik elektronikaranzko trantsizioak geldiezina eta saihestezina dirudi, bereziki automozio sektorean. Zergatik?
Ibilgailuak gero eta digitalizatuago eta automatizatuago daude, eta horrek berekin dakar elementu mekanikoen ordez elektronikoak jartzea. Garai batean azelerazio pedalek logika mekaniko oso sinple bati erantzuten bazioten ere, gaur egun, motorren kudeaketa-sistema guztiz elektronikoa denean, sistema hauen osagai guztiek ere elektronikoak izan behar dute.
Zein testuingurutan gauzatu da zuen arteko aliantza?
Esan genezake automozio industriaren IV. iraultza deitzen den horren barruan kokatzen dela. Berrikuntza eta digitalizazio integraleko prozesu bat da, autoen fabrikazioa eta diseinua barne hartzen dituena eta bi erakundeoi hazten jarraitzeko aukera emango diguna.
Nola?
Batz enpresak pedal azeleragailu baten diseinu propioa izango du, eta horri esker, posible izango du merkatuan bere burua kokatzea auto-fabrikatzaileei pedal sistema osoa –alde mekanikoa nola elektronikoa– eskaintzeko gai den munduko bigarren hornitzaile bezala. Eta K4-IKERLAN zentroari aukera emango dio sentsorika, araudi eta entsegu arloetan duen gaitasuna handitzeko, eta dituen goi-mailako segurtasuneko ezagutzak sektore horretan aplikatzeko.
Zein da horrelako azeleragailuen balio erantsia?
Gailuan inplementatutako sentsoreak gai dira gidariaren azelerazio beharrei buruzko informazio zehatza transmititzeko ibilgailuaren kontrol sistemetara. Garai batean pedalak mekanikoak eta metalezkoak ziren; gero, segurtasunari eman zitzaion garrantzia; ondoren, plastikoa etorri zen, eta orduan arintasuna zen garrantzitsuena. Gaur egun, berriz, adimentsuak izan behar dute, autoko sistema guztiekin konektatutako pedalak, alegia.
Jauzi honekin fabrikatzaile zinetenak hornitzaile bihurtuko zarete…
Hala da, eta bide horretatik jo nahi dugu: mekatronika sektorean garapen propioak egiteko apustuari eutsi konponbide konplexuak garatuz. Pedalen sektoreko liderrak izaki, aukera paregabea dugu merkatuari erakusteko Ikerlan bezalako bazkideekin posible dela elementu konplexu bat garatzea, sektoreko bezero garrantzitsuenek eskatzen duten mailakoa.
Zein fasetan dago proiektua une honetan?
Dagoeneko garatuak ditugu hainbat prototipo kontzeptualizazio-erronka bikoitza betetzen dutenak: batetik, sektoreko araudiak bete behar dira, ingurumen eta segurtasun baldintza oso zorrotzak (zentzu horretan, tenperatura, iraunkortasuna, eta bateragarritasun elektromagnetikoa eta elektrikoa neurtzeko entseguekin homologatzen dira prototipoak). Bestetik, pedal sendoa izan behar da, fabrikazio prozesuaren aldakortasunak eta pedalaren beraren zahartze prozesua jasango duena.
Lotutako albisteak

Ibarmia: “Abangoardian egoteko eta prestazio handiko makinen fabrikazioan erreferente izateko lan egiten dugu”
Enpresa gipuzkoarrak berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egin du, ekoizpena optimizatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

Orai: “Adimen artifizialerako gure neurona-eredua euskarazko aurreratuena da ingurune eskalagarrietarako”
Elhuyarreko adimen artifizialeko zentroak Llama-eus-8B garatu du, eredu fundazionala (adimen artifizial sortzailearen oinarri gisa erabiltzen den eredu-mota), euskara idatzia ulertzea eta sortzea eskatzen duten sistemak garatzeko.

HINEk 50. urteurrena ospatuko du sistema hidraulikoetako munduko lider gisa
Olaberriko enpresak 700 langile ditu eta 200 milioiko fakturazioa, eta industrian eta energia berriztagarrietan espezializatuta dago

Pospoloak eta aterkientzako egiturak egitetik, automobiletarako motelgailuak eta norabide-zutabeak egitera
Hijos de Juan de Garay enpresaren 160 urteko historiak dibertsifikazio berezia izan du eta, gaur egun, zehaztasun handiko hodien fabrikaziorako munduko erreferente bihurtu da

Paturpat: “Produktu naturala egiten dugu, patatarekin errezetak egitean denbora eta kostuak murriztea lortzen duena”
Enpresa arabarra hirugarren fabrikazio-lerro bat instalatzen ari da, etorkizuneko produktu-eskaerei aurre egiteko, eta ekonomia zirkularreko proiektu europar batean parte hartzen ari da.