Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 24 iraila, 2024 I+G Basque Tek Ventures Bio-osasuna

CIC nanoGUNEk beste spin-off bat abiarazi du, erditze seguruago baterako teknologia batekin

Proiektua Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak gidatutako Basque Tek Ventures egitasmoak hautatu du. Egitasmo hau Euskadiko Zientzia eta Teknologia Patzuergoari (BRTA) atxikitako zentroek sortutako teknologietan funtsatuta dauden oinarri teknologikoko enpresa berriak (deeptech) sortzen laguntzeko ekimen berria da.

CIC nanoGUNEk bere zazpigarren spin-offa abiarazi du: Optec4Life. Enpresak teknologia berri bat garatuko du denbora errealeko etengabeko monitorizazio ez-inbaditzailerako gailu mediko bat jartzeko ospitaleetako obstetra-taldeen esku, erditzean asfixia perinatala diagnostikatu ahal izateko, eta horrekin beharrezkoak ez diren zesareak saihesteko eta emaitza perinatalak hobetzeko. Berrikiago, proiektua Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak gidatutako Basque Tek Ventures egitasmoak hautatu du. Egitasmo hau Euskadiko Zientzia eta Teknologia Patzuergoari (BRTA) atxikitako zentroek sortutako teknologietan funtsatuta dauden oinarri teknologikoko enpresa berriak (deeptech) sortzen laguntzeko ekimen berria da. Azken urrats horrek aukera eman du Optec4Life enpresa eratzeko; aurten jarri da abian, eta teknologia hori ustiatzeko lizentzia esklusiboa du.

Teknologia disruptibo hori eguneroko praktika klinikoaren premia bati eranzuteko sortu da, zeina IIS Biogipuzkoa Euskadiko Osasun Sistemako Ikerketa Institutuarekin lotutako Osakidetzako medikoek identifikatu baitzuten.Horren ondorioz, nanoGUNErekin lankidetza bat sortu da erditzean haurren bizi-konstanteak monitorizatzeko soluzio bat aurkitzeko —asfixia perinatala edo oxigeno falta detektatzea barne—.

Gaur egun, kardiotokografia da erditzean fetuaren ongizatea ebaluatzeko metodorik hedatuena: horren bidez, fetuaren bihotz-maiztasuna eta umetokiaren uzkurdurak erregistratzen dira etengabe. Metodo horrek aukera ematen du fetuaren estresa identifikatzeko; baina zeharkakoa eta interpretagarria da, eta ez da nahikoa asfixia perinatala zuzenean detektatzeko. Horregatik, fetua estresa jasaten ari dela detektatzen denean, beste teknika batzuetara jo ohi da, hala nola umetxoari odol-lagin bat ateratzea, gero hura aztertzeko pH eta/edo laktato mailak neurtze aldera. Lagin hori haurtxoaren buruko ile-larrutik lortzen da, ama erditzen ari dela, eta, hura aztertu ondoren, berehala atera behar ote den erabakitzeko informazioa lortzen dute obstetra-taldeek. Bigarren urrats horrek arazo bat du, prozedura inbaditzaile eta etena baita; ondorioz, analisiak une bati buruzko informazioa baino ez du ematen, eta, gainera, guztira eskatzen duen neurketa-denbora gehiegizkoa da batzuetan.

Osakidetzako Donostialdea ESIko osasun-profesionalek eta Biogipuzkoako ikertzaileek osatutako IIS Biogipuzkoako Obstetrizia eta Ginekologiako ikerketa-taldeak planteatutako erronkaren aurrean, nanoGUNEko Nanoingeniaritzako taldea, Andreas Seifert Ikerbasque irakaslea buru zuela, gailu fotoniko bat garatzen hasi zen, aldaketa biokimikoak —hala nola pH- edo laktato-mailen aldaketak— fetuaren azalarekiko kontaktu hutsarekin detektatzeko. Gailuak emandako informazioak, adimen artifizialak lagunduta, hipoxia-iskemia gertakariak denbora errealean identifikatzen lagunduko luke, eta, ondorioz, erabakiak azkar hartzea erraztuko luke. “Doktorego-tesi bat garatu genuen ideia horrekin, eta ikerketa aurreklinikoetan lortutako emaitzak oso onak izan ziren —azaldu du Andreas Seifertek—. Hain onak, non patente bat erregistratu baikenuen Euskadiko osasun-sistemarekin (BIOEFen bidez) baterako jabetzan teknologia babesteko”. “Esku artean genuen prototipo hasiberri bat, denbora errealeko etengabeko zaintza ez-inbaditzailea egiteko gai zena, eta horrek lehiarako abantaila nabarmena ematen zuen lehendik zeuden metodoen aldean”, gaineratu du Andreas Seifertek.

Horrela hasi ziren teknologia berria garatzen jarraitzeko enpresa bat sortzeko ideia esploratzen. “BIC Gipuzkoak proiektua hautatu zuen merkatu- eta bideragarritasun-azterketa bat egiteko, eta, horri esker, ustiapen-estrategiak lehenetsi ziren”, adierazi du Ainara García Gallastegui nanoGUNEko Teknologia Transferentziako zuzendariak. Berrikiago, proiektua Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk, Euskal Autonomia Erkidegoko Arrisku Kapitaleko Sozietatearekin, BRTArekin eta BICen sarearekin lankidetzan, gidatutako Basque Tek Ventures egitasmoak hautatu du. Egitasmo hau Euskadiko Zientzia eta Teknologia Patzuergoari (BRTA) atxikitako zentroek sortutako teknologietan funtsatuta dauden oinarri teknologikoko enpresa berriak (deeptech) sortzen laguntzeko ekimen berria da. “Azken urrats horrek aukera eman du Optec4Life enpresa eratzeko; aurten jarri da abian, eta teknologia hori ustiatzeko lizentzia esklusiboa du”, gaineratu du.

 

Standard of care berri baterantz

NanoGUNEren spin-off berriak, orain, teknologia berri hori garatu eta baliozkotzeko erronka du, talde medikoei, haurtxoei eta amei zuzenean lagunduko dien tresna bihurtzeko.

“Teknologiaren helburua da edozein anomalia fisiologiko perinatal identifikatzea, erabaki medikoak hartzea arintzeko eta, hala, amarentzako zein haurrarentzako arriskua minimizatzeko”, adierazi du Francesc Paris Huguetek, Optec4Lifeko gerenteak. Ikuspuntu klinikotik, “jarduteko modua aldatzea da, hau da, egungo protokoloa edo standard of care-a aldatzea, informazio osagarri hori guztia oso lagungarria izango baita medikuentzat”, gaineratu du Optec4Lifeko kudeatzaileak. “Lehenengo susmoa agertzean, talde medikoek interesatzen zaizkien balioen analisia egin ahalko dute, bagina barruko zunda baten bidez (ekografo baten antzekoa), eta datuak berehala lortu, laginik hartu beharrik gabe eta beharrezkotzat jotzen den denboran”, azaldu du Paris Huguetek.

Azken gailua diseinatzeko eta prototipoak egiteko lanak beste eragile batzuekin elkarlanean egingo dira, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarekoak nahiz nazioartekoak. Ondoren, baliozkotze-etapan, gailua helduetan eta jaioberrietan erabiltzeko lehenengo probak egingo dira, gailuaren erabilera klinikorako ziurtapena lortzeko eta merkaturatzeko.

Teknologia disruptiboa

Optec4Lifek garatuko duen gailuak teknologia berri bat du oinarri, Raman espektroskopian funtsatua: Raman zunda espezifiko bat eta ikaskuntza automatikoko algoritmoak konbinatzen dira, eta algoritmoek kontuan izango dute aldaketen edo anomalia fisiologikoen koadro kliniko orokorra. “Gaur egungo metodoekin baino, zeinetan parametro bakarra —hala nola pH-a— aztertzen baita erabakiak hartzeko, ikuspegi askoz zabalagoa eskaintzen du teknologia berri honek, behar den denbora guztian”, adierazi du Jaione Etxebarriak, Optec4Lifeko garapen teknologikoaren arduradunak. “Raman espektroskopia bibrazioetan oinarritutako metodo espektroskopiko oso espezifiko bat da, aukera ematen duena aldaketa biokimikoak zuzenean zein zeharka detektatzeko. Ikaskuntza automatikoaren bidez, eta koadro fisiologiko osoa kontuan hartuta, sentikortasun handiagoa, egoera metabolikoaren sailkapen egonkorra eta intereseko parametroen iragarpena lortzen dira”, gaineratu du Jaione Etxebarriak.

Aintzatespenak

 

Teknologiak zenbait aintzatespen jaso ditu: finalista izan da European Technology Platform Nanomedicine (ETPN) plataformaren 2020ko “Pitch me up” programan eta plataforma bereko HealthTechTAB ekimenean; BBK Venture Philanthropy-ko finalista izan da; eta EHUk antolatutako Manuel Laborde sariak irabazi ditu —biak 2020ko edizioan—. Horretaz gain, proiektua, “Intrapartum monitoring” izenarekin, balorizazio kualitatiboko azterlan batean parte hartzeko hautatu zuten, eta, duela gutxi, Txekintek-Ekintzaile laguntza eman diote, biak BIC Gipuzkoaren laguntzarekin.

CIC nanoGUNE

CIC nanoGUNE Nanozientzia Ikerketa Kooperatiboko Zentroa Donostian kokatutako ikerketa-zentro bat da, nanozientzian eta nanoteknologian bikaintasuneko ikerketa egiteko helburuarekin sortua Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lehiakortasuna eta bertako hazkunde ekonomikoa areagotzeko asmoz. NanoGUNE Ikerketa eta Teknologiako Euskal Aliantzako (BRTA) kidea da, eta, gainera, Estatuko Ikerketa Agentziak aitortutako María de Maeztu Bikaintasun Unitate bat da.

www.nanogune.eu

IIS Biogipuzkoa

IIS Biogipuzkoak lehentasuna ematen dio pazienteei eta, oro har, herritarrei zuzendutako ikerketa translazionalari; Gipuzkoako lurralde historikoan Osakidetz-EOZren esparruan egiten den ikerketa guztiari estaldura ematen dio, eta bere egitura kolaboratibo multiinstituzional eta interdisziplinarraren bidez herritarren osasuna hobetu nahi du. Wegune honek gure jardueraren erakusleiho izan nahi du.

biogipuzkoa@bio-gipuzkoa.eus

BIOEF

Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioa, BIOEF, Osasun Sailak Euskadiko osasun-sistemaren berrikuntza eta ikerketa sustatzeko sortutako tresna da. BIOEFek osasunaren arloko ezagutza eta teknologia balioztatzeko eta transferitzeko prozesuan parte hartzen du Euskadin, Euskadiko Osasun Sistemako Ezagutza Transferitzeko Bulegoaren (OTC) bidez

Lotutako albisteak

19 abendua, 2024 I+G
MEEVCE II proiektuak osagai eoliko erresilienteak diseinatzeko metodologia ebolutiboa garatzen du
Irakurri gehiago
16 abendua, 2024 I+G
Euskadiko mila enpresa eta agente teknologiko baino gehiago baliatu dira 2024an Eusko Jaurlaritzaren I+G programaz
Irakurri gehiago
12 abendua, 2024 I+G
Izen-ematea zabalik dago IAM4EUrekin, Material Aurreratuen Aliantza Estrategikoarekin, bat egiteko
Irakurri gehiago
9 abendua, 2024 I+G
Ekonek lehortze-teknologia berrasmatzen du, produktu likidoak eta oretsuak hauts edo pikor bihurtuz
Irakurri gehiago
27 iraila, 2024 I+G
Mikel Jauregi sailburuak makina-erremintaren sektorea bisitatu du, euskal ekonomiarentzat funtsezkoa den industria
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak