Credeblug-ek tresna bat garatu du urpeko kableak konpontzeko
Ezkutuko Txapeldun kontzeptua bikain doakio Credeblug ingeniaritzari. Tamaina ertaineko ETE bat da, eta bere nitxoa hain da zehatz eta espezializatua, mundu mailako liderra dela bere merkatu-kuotan. Hamarratz eta zaliak bezalako pieza handien segmentuan egiten du lan, historikoki industria astuna deitu izan zaion sektorean, eta, kasu honetan, pieza horiek baliagarri dira karga astunak manipulatzeko altzairutegi, portu edo hondakin-lantegietan.
Hemendik aurrera, konponbide berri bat egiten hasiko da uretako plataforma eolikoen arloan erabiltzeko. Egoitza Azpeitian duen hogei langile inguruko ETE hau prototipo bat bukatzen ari da, zeinari esker posible izango baita hobeto eta modu eraginkorragoan konpontzea horrelako plataformak lurrari lotzeko erabiltzen diren urpeko kableak. Izan ere, kable horiek askotan kaltetzen dira denboraren joanagatik edo itsas jardueragatik, azaldu du konpainiako zuzendari nagusi Asier Susaetak.
Ezkutuko txapelduna edo Nitxoko txapelduna… Nola lortzen da horrelako aitortza bat?
Esango nuke hainbat faktoreren nahaste bat dela. Garrantzitsuena da deliberamenduz jokatzea, apustu irmoa egin behar baita edozein merkatu edo produktutan espezialista bihurtzeko, eta guk hasieratik egin dugu hori. Gainera, uste dut mantentzen dugula enpresak jaiotzatik duen DNA berritzailea, eta gaur egun are gehiago indartzen ari garela.
Koka gaitezen… Zein da hamarratz baten eta zali baten arteko aldea?
Forma da alde nagusia. Hamarratz batek “besoak” dauzka, eta zali batek “burruntzaliak”. Hala, hamarratzak erabiltzen dira tamaina handiko bolumenak kargatzeko, besteak beste, hiriko hondakin solidoak edo txatarrak. Aldiz, zaliak gehiago erabiltzen dira granulometria txikiagoko produktuak kargatzeko, adibidez, biomasa, garia, zementua…
Eta nola aurkitzen du ETE batek urpeko kableen konponketa bezalako merkatu-nitxo zehatz bat?
Blug bereziki sortu zen siderurgia sektoreko makina espezifikoak eraiki eta haiei zerbitzu emateko, baina, pixkanaka, produktu estandarrerako makina bereziak diseinatzen hasi zen, manipulaziorako makineria gero eta handiagoa zelako eta erabateko espezializazioa eskatzen zuelako. Hortik aurrera, enpresa hazi egin da beste zentzu batzuetan ere, esaterako teknologikoki edo nazioartekotze arloan.
Zergatik hausten da urpeko kable bat?
Arrazoi ugari egon daitezke, baina normalean izaten da itsasontzien aingurekin duten elkarreraginagatik.
Nola egiten da konponketa? Credeblug-ek zertan hobetuko du prozesua?
Gure tresnak (Cabletool) integratuta dauzka argiztapen eta ikusmen sistemak, bai eta kableak lotu eta ebakitzeko moduluak. Horrek esan nahi du gai garela kablea aurkitu, lotu eta ebakitzeko ekipo bakarrarekin, eta horri esker posible da itsaso zabalean kudeatzeko konplexua den operazio baten kostua eta dedikazioa gutxitzea.
Zenbat denbora behar izan duzue proiektu honen garapen eta berrikuntza lanetarako?
Hazitek proiektu estrategiko bat da (enpresetako I+G-ari laguntzeko programa bat, SPRI Taldeak bultzatua), hiru urteko iraupena duena, eta orain amaierako fasean gaude. Luzapen bat eskatu dugu 2023ko lehen hiruhilekoan prototipoa baliozkotzeko probak amaitzeko.
Berrikuntza erreal eta ukigarriez mintzatzean proiektu zehatz hau aipa liteke… Noizko espero dituzue lehen emaitzak?
Aste gutxi barru izango dugu landa-feedback teknikoa. Gero merkatura aterako dugu produktua, eta hori da berrikuntzaren zati garrantzitsuena, kutxa batean gordeta geratzen bada ez baitu ezertarako balio. Nolanahi ere, dagoeneko kontrastatu dugu gure konponbidea eta bere diseinua offshore sektoreko enpresekin, beraz, pozik gaude eta aurreikuspenak onak dira.
Lotutako albisteak

Ibarmia: “Abangoardian egoteko eta prestazio handiko makinen fabrikazioan erreferente izateko lan egiten dugu”
Enpresa gipuzkoarrak berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egin du, ekoizpena optimizatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

Orai: “Adimen artifizialerako gure neurona-eredua euskarazko aurreratuena da ingurune eskalagarrietarako”
Elhuyarreko adimen artifizialeko zentroak Llama-eus-8B garatu du, eredu fundazionala (adimen artifizial sortzailearen oinarri gisa erabiltzen den eredu-mota), euskara idatzia ulertzea eta sortzea eskatzen duten sistemak garatzeko.

HINEk 50. urteurrena ospatuko du sistema hidraulikoetako munduko lider gisa
Olaberriko enpresak 700 langile ditu eta 200 milioiko fakturazioa, eta industrian eta energia berriztagarrietan espezializatuta dago

Pospoloak eta aterkientzako egiturak egitetik, automobiletarako motelgailuak eta norabide-zutabeak egitera
Hijos de Juan de Garay enpresaren 160 urteko historiak dibertsifikazio berezia izan du eta, gaur egun, zehaztasun handiko hodien fabrikaziorako munduko erreferente bihurtu da

Paturpat: “Produktu naturala egiten dugu, patatarekin errezetak egitean denbora eta kostuak murriztea lortzen duena”
Enpresa arabarra hirugarren fabrikazio-lerro bat instalatzen ari da, etorkizuneko produktu-eskaerei aurre egiteko, eta ekonomia zirkularreko proiektu europar batean parte hartzen ari da.