Erhardt taldea: “Ez dago erronka handiagorik familia-konpainia batentzat etengabeko eraldaketa baino”
Erhardt taldeak 136 urte daramatza Euskadin lanean, dagoeneko laugarren belaunaldiak dihardu, eta enpresa-dibertsifikazioaren adibide argia da
Erhardt taldearen ametsa 1882an hasi zen, Bilbon, euskal desarrollismoaren garaian. Orduan ekin zion Eugen Erhardtek bere jarduerari. Lehenbizi, burdinaren ekoizpena gainbegiratzen zuen Bizkaiko meategietan. Ekoizpen hori, gero, iparraldeko herrialdeetara itsasontziz eramaten zuten, eta gero Bilbora bueltan iristen zen produktu siderurgiko eraldatu gisa, orduan hasi berri zen trengintzarako. Gero, beste jarduera eta enpresa batzuen hasiera kudeatu zuen, ontzigintzari eta industriari, aseguru-konpainiei, ingeniaritzari, eraikuntzari eta abarri lotua.
Horrela jardun zuen, eta gaur egun bere enpresa-taldea 30 konpainiak, 800 profesionalek eta 10.000 bezerok osatzen dute, eta 150 herrialdetan egiten dute lan. Erhardt taldean laugarren familia-belaunaldia dago jada. Gaur egun, Rafael Erhardt da holding honen burua, eta hainbat sektoretan dihardu: garraioa, logistika, merkataritza eta siderurgiako eta industriako produktuen banaketa, besteak beste.
136 urtez aktibo, eta laugarren belaunaldia… Bosgarrenik izango al da?
Badago, bai, zorionez…
Familiak jarraitzen du taldea kontrolatzen?
Jainkoari esker, familia da enpresaren buru, eta berak du kontrol osoa.
Nola zuzentzen da horrelako holding bat?
Etengabe eraldatuz, ez dago beste sekreturik. Orain eraldaketa digitala deitzen diote, baina nik uste dut beti egon dela gauzetara eta egoeretara egokitzeko prozesu etengabe hori. Eta, akzioei dagokienez, hor ere eskuzabaltasunez jokatu behar duzu, haiek gabe familia-enpresek gaizki amaitzen baitute.
Zuen jarduera zabalari begiratu bat emanda, galdera hau egin behar dizugu: zer ez duzue egiten edo zer ez duzue egin zuen historian?
Azken finean, enpresa-jardueren dibertsitate handia dugu, eta horri esker iraun dugu urte hauetan guztietan. Jarduera ertainak eta txikiak, lurrari, herritarrei eta gure bezeroei oso lotuak, beti haien beharretara asko egokituz. Egia da gauzak ondo doazenean gauzak bakarrik joaten direla, baina, dibertsitate horri esker, krisiak lasaiago eraman ditzakegu.
Zer gelditzen zaizue egiteko?
Gauza asko! Garrantzitsuena, ordea, etorkizunerantz eboluzionatzen jarraitzea da, gure lanetan egunero etorkizunerako ikusten ditugun beharrak identifikatzea, gero eta azkarrago iristen den etorkizun horretarako. Olatu horietan surf egiten jarraitu behar dugu eta etengabe hazten jarraitu, gero une txarrak jasan ahal izateko.
Inoiz adierazi duzue multzo “desberdin eta dibertsifikatu” bat zaretela; zer esan nahi duzue horrekin?
Bai, bai, multzo desberdin eta dibertsifikatu bat gara, taldean oso jende ona duena, zorionez. Horixe da, hain zuzen, bilatzen duguna. Jarrera egokia eta trebakuntza ona duten pertsona onak. Orain, talentua esaten zaio horri. Zorionez, Euskadin profesional on asko ditugu, eta, ondorioz, aparteko lehengaia izan dezakegu.
Lotutako albisteak

Patricia Gutiérrez: “Jundizeko Enpresa Elkarteak kanpora begiratzeko unea da”
A&B Laboratorioseko zuzendariak Manu Allenderen lekukoa hartu du Euskadiko industrialderik handienaren presidentetzan

Ibarmia: “Abangoardian egoteko eta prestazio handiko makinen fabrikazioan erreferente izateko lan egiten dugu”
Enpresa gipuzkoarrak berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egin du, ekoizpena optimizatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

P4Q: “Garrantzitsua da lan-giroa parekidea dela senti dadin”
Enpresa bizkaitarra SPRI Taldeak garatzen duen genero-berdintasuneko jardunbide egokien identifikaziorako proiektu bateko 8 enpresetako bat da

YOiD: “NANa eskuan eta sinatzeko boligrafoa duen erabiltzaile baten baliokide digitala gara”
Bizkaiko enpresak identifikazio digitaleko zerbitzuak eskaintzen ditu, besteak beste, nortasuna, erabiltzailearen adina, kontu baten titulartasuna eta dokumentuak modu fidagarrian sinatzeko.

Orai: “Adimen artifizialerako gure neurona-eredua euskarazko aurreratuena da ingurune eskalagarrietarako”
Elhuyarreko adimen artifizialeko zentroak Llama-eus-8B garatu du, eredu fundazionala (adimen artifizial sortzailearen oinarri gisa erabiltzen den eredu-mota), euskara idatzia ulertzea eta sortzea eskatzen duten sistemak garatzeko.