I+G+B
Albisteak 7 urria, 2021

Ekonek, eskala industrialeko lehortze-teknologia produktu berriak garatzeko

Gipuzkoako enpresak produktu likidoak eta bazkak hauts edo pikortatu bihurtzen ditu lehortzeko soluzio berritzaileen bidez, eta horrek aukera ematen die enpresei beren produktuak berrasmatzeko eta ekoizpen-fluxua optimizatzeko.

Lehortzea funtsezko etapa da industria askotan, eta, bereziki, elikagaiak prozesatzeko industrian, nahiz eta aplikazioak dituen hondakin organikoen sektorean, kimikan edo zeramikan, besteak beste. Prozesu horretan, produktu baten likidoa lurruntzen da, haren funtsezko ezaugarriak aldatu gabe eta ezaugarri berriak sartzea ahalbidetuz. Tradizionalki, eraldaketa hori egiteko ‘Spray Dryer’ izeneko teknologia erabiltzen da, likido batetik hauts lehorra sortzen duen metodoa, gas bero batekin azkar lehortuz.

Gipuzkoako Ekonek enpresa, hain zuzen ere, horretan aritzen da, produktu likidoak hauts edo pikortatu bihurtzen, materiala berrasmatu eta berria sortzeko, enpresei beren ekoizpen-fluxua optimizatzeko aukera emanez. Hala ere, horretarako ez du ohiko sistema erabiltzen, lehorketa “iraultzaileak” aplikatzen ditu. Hala adierazi du Aritz Lekuona Ekonek-eko I+G zuzendariak: “‘Pulse Combustion Drying’ (PCD) teknologiaz ari gara, produktu likido eta oretsuak hauts bihurtzeko gai den sistema, produktuaren nutrizio-balioa mantenduz. Teknologia honen osagai iraultzailea funtzionamenduaren kostua, eraginkortasun energetikoa eta atomizatzeko gai den produktu sorta handia dira. Funtzionamendu-kostuak ‘Spray Dryer’ tradizionalarekin alderatuta % 20-30 txikiagoak direla kalkulatzen da. Era berean, aire-tenperatura altuagoak jasaten ditu, eta horri esker, % 50-60 aire gutxiago erabil daiteke ur-bolumen bera lurruntzeko. Gainera, lehorgailu honek ‘Spray Dryer’ batek prozesatu ezin dituen produktuak atomiza ditzake, izan ere, ohiko teknologiarekin alderatuta 10 aldiz biskositate eta kontzentrazio handiagoa jasan dezake”.

Hori horrela, Ekonekek PCDaren bidez, gizakiaren eta/edo animalien elikadurarako hauts bihurtzen ditu hainbat motatako produktuak: barazkiak, hala nola garagardo-legamia, brokolia edo soja-mamia; haragi-eratorriak, hala nola haragi freskoa edo haragi-ebakinak; arrainaren eratorriak, hala nola itsaskiak edo arrain-ebakinak; eta esnekiak, hala nola esnea. “Adibidez, bakailaoaren ebakin ez-komertzialekin, bakailao hautsa garatzen dugu, arrain zaporea emateko osagai natural gisa funtzionatzen duena, adibidez, zorroko zopetarako, kroketetarako eta abarretarako; bitxia bada ere, pilpil saltsa egiteko gai ere bada”, azaldu du Lekuonak. “Beste adibide bat Madrildik gertu egin dugun lehen errealizazio industrial handia da. Enpresa horrek garagardo likidoaren legamia – garagardogintzak sortutako azpiproduktua – biltzen du Espainian eta Portugalen. Egiten dugun lehorgailuarekin, gure bezeroak legamia hauts bihurtzen du, eta pentsuarentzako osagai gisa merkaturatzen du”, gaineratu du.

Baina produktua hauts edo granulu bihurtze hori ez zaio soilik elikagaien sektoreari aplikatzen; hondakin organikoen arloa da produktu berri horien beste onuradun handienetako bat. “Estolderia lohiak, digestatoak edo konposta oinarri hartuta, ongarri komertzial batera irits gaitezke, azken produktu gisa”, esan du I+G zuzendariak. “Material horiek haien artean konbinatzen ditugu edo ongarri mineralak gehitzen dizkiegu NPK balioa (ongarri, lurzoru, produktu eta abarrek duten nitrogeno, fosforo eta potasio maila adierazten duen balioa) duen pasta bat lortzeko. Horrela, enpresari produktu berri bat sortzeko gaitasuna ematen dio eta produkzioaren fase guztiak aprobetxa ditzake”, gaineratu du.

Azken batean, produktu edo azpiproduktu zati desberdinetatik abiatuta produktu berri bat sortzea da helburua, baina Lekuonak onartu duenez, “bezero guztiek ez dakite zer produktu lortu nahi duten edo zer aplikazio izan ditzakeen material bat hauts edo ontziratu bihurtzeak. Beste batzuek, ordea, oso argi dute zer azken produktutara iritsi nahi duten eta zer zehaztapen jarraitu nahi dituzten”. Bi errealitate horiei aurre egiteko, Ekonekek instalazio pilotu bat du bezero bakoitzarekin saiakuntza espezifikoak eta banakakoak egiteko, bezero bakoitzak lortu nahi duen emaitza aurkitu arte. Baina ez hori bakarrik, baizik eta, bigarren bezero motari begira, Errenteriako enpresak aholkularitza eta gida ematen du produktuaren formula eta prozesamendu mota egiteko, bai eta azken produkturako aplikazioak eta merkatuak aurkitzeko eta bideragarritasuna frogatzeko ere.

I+Garen aldeko apustua

Ekonekek Europa mailako I+G proiektuetan ere parte hartu du. 2019an, adibidez, DAINME-SME proiektuarekin hasi zen. Horizon 2020 programaren barruan dago, eta herrialde mediterraneoetako esnekien sektoreko enpresa txiki eta ertainen ekonomia zirkularra hobetzea du helburu, teknologia berritzaileak eta esneki baliotsu berrien garapena sartuz. Proiektua 2022an amaitzen da eta Ekonekek PCD teknologiadun lehorgailu bat diseinatzen eta eraikitzen parte hartzen du bertan. “Lehorgailu txikia da, baina ia industriala, esnekiak lehortzeko bereziki eraldatua. Horren helburua da gure lehortze-prozesua kalitate handiko esneki hautsak lortzera egokitzea “, azaldu du konpainiako I+G zuzendariak.

Era berean, iaz, Gipuzkoako enpresak CIRTIO2 proiektua burutu zuen. Ihobek babestutako ekimena da, eta paper-fabrikako lohi mota batetik abiatuta titanio dioxidoa (TiO2) lortzeko prozesua garatu du. “Ekonek izan da proiektuaren partner bakarra. Bertan, TiO2-a lohitik isolatzeko prozesua garatu dugu, baita lehortzeko prozesua ere, granulometria oso fineko TiO2 hautsa lortzeko. %80tik gorako TiO2-a duen hautsa lortu dugu, oso zehaztapen interesgarriekin, pinturen, estalduren eta abarren sektorean aplikatzeko”, azaldu du Lekuonak.

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako programak eta laguntzak ditu. Hemen kontsulta daitezke.

Lotutako albisteak

“Innovation  Land”  lelopean,  Euskadik  Transfiere  2025  Europako  zientzia,  teknologia  eta  berrikuntzarako  fororik  handienean  parte  hartuko  du
13/03/2025 I+G+B

“Innovation Land” lelopean, Euskadik Transfiere 2025 Europako zientzia, teknologia eta berrikuntzarako fororik handienean parte hartuko du

Euskadik presentzia nabarmena izango du programa ofizialean, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako, SPRI Taldeko, Tecnaliako eta ZITUko arduradunek parte hartuko baitute

TH  Company,  munduko  liderra  arrantza  sektorerako  makinetan  Mungiatik
10/03/2025 Nazioartekotzea

TH Company, munduko liderra arrantza sektorerako makinetan Mungiatik

Mundu osoko 500 atunketari baino gehiagok dute enpresa horren teknologia eta % 75eko merkatu-kuota du.

Infinite  proiektuak  kontakturik  gabe  monitorizatzen  du  egitura  aeronautikoen  bizi-zikloa
06/03/2025 I+G+B

Infinite proiektuak kontakturik gabe monitorizatzen du egitura aeronautikoen bizi-zikloa

Ideko zentro teknologikoak gidatutako proiektu europar honek mikrohariak erabiltzen ditu karbono-zuntzen egituren egoera kontrolatzeko, haien kalitatea ziurtatzeko, piezak sentsore kableatuekin hornitu beharrik gabe.

Vaillant  Groupek  aire-ur  bero  bonba  berri  bat  merkaturatu  du,  eraginkorragoa  eta  zarata-mailak  murrizten  dituena
05/03/2025 I+G+B

Vaillant Groupek aire-ur bero bonba berri bat merkaturatu du, eraginkorragoa eta zarata-mailak murrizten dituena

Behin Split proiektua amaituta, Europako merkatuan makinak merkaturatzen hasi da, eta 30.000 salmenta izatea aurreikusten du. SPRI Taldearen Hazitek Laguntza Programaren babesa jaso du.

Imanol  Pradales  Lehendakariak  etorkizuneko  abiazioa  bultzatuko  duen  ITP  Aero  zentro  berria  inauguratu  du
27/02/2025 I+G+B

Imanol Pradales Lehendakariak etorkizuneko abiazioa bultzatuko duen ITP Aero zentro berria inauguratu du

Imanol Pradales Lehendakariak eta Pedro Sánchez presidenteak ITP Aeroren ADMIRE zentroa inauguratu dute gaur goizean Zamudion, 24 milioi euroko inbertsioarekin eta 150 enplegu kualifikatu baino gehiagorekin. Zentro horrek berrikuntza eta jasangarritasuna sustatuko ditu hegazkingintzan Euskadin

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.