Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 25 Marzo, 2022 I+G

Euskal industriak eskaerak, fakturazioa eta esportazioak doitu ditu datorren seihilekorako, Ukrainaren inbasioagatik

Industria Abagunearen Behatokia osatzen duten Euskadiko 16 klusterrek otsailaren 24tik sortutako ziurgabetasuna helarazi diote Iñigo Urkullu Lehendakariari, finkatzea aurreikusita zegoen sei hilabeteko hazkunde orokorraren ostean.
Urkullu lehendakaria eta beste partaideak.
  • Ezegonkortasun global horri ondoen aurre egiten dion faktorea I+G+b da, inbertsio hauek epe ertainera planifikatzen dira eta sendo daude. Gainera, klusterrek pandemian frogatutako erresilientzia errepikatzea espero dute.
  • Eusko Jaurlaritzak Nazioarteko Behatokia abian jartzeak lagundu egiten die enpresei Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren eragin ekonomikoa eta komertziala neurtzen.

Baikortasun orokorreko seihilekoaren ondoren, oinarrizko adierazle guztiak (eskaerak, fakturazioa, esportazioa, enplegua eta I+G) hobetuta, euskal industriak aurreikusita zuen hurrengo sei hilabeteetan hazkundea argi eta garbi sendotuko zela. Hala ere, Errusiaren inbasioak Ukrainan ziurgabetasuna ekarri du etorkizuneko aurreikuspenetara, batez ere funtsezko hiru esparrutan: energia, lehengaiak eta logistika.

Otsailaren 24, Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuen eguna, inflexio-puntua izan zen ekonomia globalaren jardunarentzat, eta, baita  euskal ekonomiarentzat ere. Horixe jakinarazi diote gaur Iñigo Urkullu Lehendakariari euskadiko 16 klusterren arduradunek Industria Abagunearen Behatokiaren bileran. Lehendakaria izan da bileran buru, eta Jaurlaritzako Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua ere bertan izan da. Bilera honetan, joan den seihilekoko industriaren gako nagusiak eta datozen sei hilabeteetarako aurreikuspenak aztertu dira.

Duela hilabete batera arte balantzea eta aurreikuspenak orokorrean positiboak baziren, gerrak elementu berri bat txertatu du eta egokitu egin behar dira. Azken seihilekoan euskal sektore gehienak hazi egin dira. Eskaera-zorroari dagokionez, 16 klusterretatik 9k hobera egin zuten, eta % 40k ildo beretik jarraitzea espero zuten, eta beste % 40k, eustea.

Fakturazioari dagokionez, azken seihilekoan sektoreen % 80 hazi egin ziren, eta % 56k igotzen jarraitzea eta % 30ek berdintzea espero zuten. Esportazioek antzeko dinamika jarraitzen zuten: klusterren % 75ek aurreko sei hilabeteetan gorakada bat ikusi zuten, eta etorkizun hurbilerako % 50ek hazten jarraitzea espero zuten eta beste % 50ek bere horretan jarraitzea.

Enpleguek ere gora egin zuen eta aurreikuspena baikorra zen, igoera espero zen, nahiz eta ez zen ikusten hain nabarmena izango zenik. Azkenik, I+G hazkunde iraunkorretik zetorren, eta aurreikuspena ere positiboa zen.

Ukrainako gerrak eta haren ondorioek perspektibak berriz kalkulatzera behartu ditu klusterrak, nahiz eta horretarako denek beharrezko duten liskarrak zenbat iraungo duen jakitea. Une honetan, epe laburrari lotuagoak dauden adierazleetan (eskaerak, fakturazioa eta esportazioak) ikusten da eragina.

Zehazki, 16 klusterretatik 6k zalantzan edo okerrago ikusten dituzte eskaerei eta fakturazioari buruzko aurreikuspenak hurrengo seihilekoan, nahiz eta oraindik 11 klusterrek esportazioei eustea edo hobetzea espero duten.

Egoerak hurrengo hilabeteetan jarraituko balu, gainerako faktoreei eragin liezaieke. Oraindik 16 klusterretatik 13k seihileko hobea edo berdina aurreikusten dute enpleguari dagokionez. Hau guztia gatazkaren iraupenaren araberakoa izango da, batez ere, makinak gelditzera behartuta egongo diren edo ez ikusi beharko da eta, beraz, ERTEak bezalako erregulazio-neurriak ezarri beharko ote dituzten. Batzuek soldata-kostuen gorakadaz ere ohartarazi dute.

Ezegonkortasun global horri hoberen aurre egiten dion faktorea I+G+b da, inbertsioak epe ertainera planifikatzen dira eta sendo mantentzen dira. 16 klusterretatik 15ek beren jarduera mantentzea edo hobetzea aurreikusten dute atal honetan, baita gerra-faktorea kontuan hartuta ere. Hemen, euskal enpresentzako aukera handia ikusten da PERTEetan, hala nola sare elektriko digitalizatuetan, berriztagarrietan eta hidrogenoan, edo energia biltegiratzean, elikadura osasungarrian edo zerbitizazioan.

Pandemia garaiko erresilientzia errepikatzea

Hornidura-katean gerraren ondorioak nabariak izan dira azken hilabete honetan. Beraz, Errusiatik eta Ukrainatik datozen lehengai batzuk iristeko bide berriak bilatu beharko dira. Klusterrek, behintzat, pandemian frogatutako erresilientzia errepikatzea espero dute, salbuespenezko egoera baten aurrean protokoloak eta neurri berriak aplikatu ahal izan dituztelako.

Prezioak igotzeko abagune horretan –inflazioa azken hilabeteetan handitzen ari zen–, fakturazioa ez da hain adierazle fidagarria. Pandemian sektore batzuek marjina handiagoekin lan egin bazuten gehiago fakturatu gabe, orain alderantziz gertatzen da, eta marjinak jaisten ari dira.

Logistikan –errepide bidezko garraioan– eragin zuzena izan du gerrak, Euskadin lanean ari ziren ukrainar jatorriko gidari asko beren herrialdera itzuli baitira.

Nazioarteko Behatokiaren balioa

Ildo horretan, enpresek Eusko Jaurlaritzak Basque Trade bidez abian jarritako Nazioarteko Behatokia erabil dezakete, Ukrainaren inbasioak ekonomian eta merkataritzan izan duen eragina kalkulatzeko.

Gatazka hain sartu da, non ia erabat baztertu duen COVID-19aren osasun-krisia, lehiakortasunerako faktore erabakigarriena bezala. Egoera hori alde batera utzita, badira beste gai batzuen inguruan aurretik datozen kezkak, hala nola talentua bilatzeko beharrari eta trantsizio digital eta energetiko-ekologikoa aprobetxatzeko beharrari buruzkoak.

16 klusterrek Euskadiko ekoizpenaren zatirik handiena ordezkatzen dute. Industria Abagunearen Behatokian honako hauek daude: aeronautika, elikadura, automobilgintza, bioosasuna, eraikuntza, energia, trenbide-ekipamenduak, galdaketa eta forja, habitata, zura, bulegoa eta contract, itsas industriak, ingurumena, papera, siderurgiako produktu eta instalazioak, fabrikazioko teknologia aurreratuak, EIKTak eta ezagutza, eta garraioak, mugikortasuna eta logistika.

Sektorez sektore

Sektoreka aztertuz gero, zenbait berezitasun ikus daitezke:

    • Aeronautika: ekoizpenaren jaitsierak hondoa jo du dagoeneko. Covid aurreko arora itzultzea 2024rako aztertzen ari dira korridore bakarreko aireontzietan (eskualdeko hegaldiak eta hegaldi kontinentalak) eta 2026rako korridore bikoitzekoetan (transozeanikoak). Operadore handiek (Boeing eta Airbus) 40.000 hegazkin berri aurreikusten jarraitzen dute datozen bi hamarkadetan.
    • Elikadura: aurreikuspenak onak dira, baina kezka sortzen du lehengaien eta energiaren kostuen hazkundeak. Gatazka belikoaren ondorioz, baliteke pandemia aurreko fakturazio-mailetara itzulera beste urtebetez luzatzea. Zaila da profil jakin batzuetan hutsik dauden lanpostuak betetzea (marketina, digitala, I+G, jornaleroak).
    • Automobilgintza: Ukrainaren inbasioak sortutako ziurgabetasuna oztopoa da kontsumorako, eta, beraz, eragina du sektorean. Kezka dago gatazka luzatzen bada. Azkar amaitzen bada, V formako errekuperazioa ekarriko luke. Luzatuz gero, ondorio sistemikoagoak izango lituzke.
    • Bioosasuna: sektoreak hazkunde handia izan du azken hilabeteetan, eta hurrengo seihilekoan ere horrela jarraitzea espero du. Aztertutako parametro guztietan gertatzen da. Bere kezka esparru arautzailean eta, Ukrainan gatazka belikoaren etorrerarekin, lehengaien eta osagaien prezioetan zentratzen da.
    • Eraikuntza: azken hilabeteetan jarduera handia izan du, eta mantentzea espero du. Aurreikuspenak zuhurrak dira lehengaien eta energiaren prezioagatik. Next Generation funtsekin lotutako programen inguruan interesa dago.
    • Energia: joera positiboa trantsizio energetikoaren eta deskarbonizazioaren eskutik. Ukrainako gerrak ziurgabetasunak sortzen ditu esparru estrategiko horretan. Azpisektoreen artean aldeak daude: eolikoak hobeto gainditu du pandemia eta hazteko bidean dago, haize-energia flotatzailean aukera ikusteaz gain. Antzera, elektrifikazio-prozesuak trakzionatutako sare elektrikoetan. Oil & gasen, 2021ean prezioak izandako igoerak mesede egin die enpresa horiei. Eguzki-energia berreskuratzen ari da berriztagarrien aldeko apustuari esker, eta etorkizunerako aurreikuspen sendoak ditu. Aukera eremuak daude hidrogenoan eta Euskadin 2022an egingo diren bi ekitalditan: WindEurope eta ICOE-OEE.
    • Trenbide ekipamenduak: 2021a aurreikusitakoa baino hobea izan zen eskaerei dagokienez. Eta etorkizuna baikor ikusten da. Euskadik 12.000 pertsona inguru enplegatzen ditu sektore horretan, Estatu osoaren % 40.
    • Galdaketa eta forja: energiaren eta lehengaien prezioen gorakadak gehien kaltetutako sektoreetako bat. Orain arte bere zifrak berreskuratu ditu, eta aurreikuspen onak zituen, baina Ukrainako gatazkak arriskuan jartzen du bere errentagarritasuna.
    • Habitat, Zura, bulegoa eta Contract: 2021eko azken hiruhileko on baten ondoren, moteldu egin da. Abiapuntua egoera ona da, baina orain kezka handiena enpresen marjinetan dago, energia-kostuengatik, pleitengatik eta lehengaiengatik.
    • Itsas industriak: etorkizunari begira, sektore baikorrenetarikoa da. Euskal ontziolek lan-karga bermatuta dute 2023aren amaierara arte. Aurten pandemia aurreko fakturazio-zifretara itzultzea espero dute, baita kopuru horiek handitzea ere.
    • Ingurumena: urte aparta itxi du. Ukraina inbaditu aurretik, itxaropenak oso altuak ziren. Baina egoera berriak aurreikuspenak berrikustera behartuko du.
    • Papera: azken seihilekoan hobera egin ondoren, sektore honetako enpresek ziurgabetasun handia dute gerra-egoeragatik, batez ere energia-prezio altuengatik eta lehengaien merkatuko inpaktuagatik ( % 45etik % 65era bitarteko gorakadekin paper-orearen motaren arabera, eta % 80ko gorakadarekin berreskuratutako paperean).
    • Siderurgia: COVID aurreko zifretara itzuli zen 2021ean. Aurtengo aurreikuspenak positiboak ziren, baina gerrak ziurgabetasun orokorra dakar. Gatazkan dagoen eremutik datozen materialak daude, eta Errusiarekin eta Ukrainarekin muga egiten duten herrialdeetara esportatzen dira.
    • Fabrikazio aurreratua: joan den urtea hazkunde orokortukoa izan zen sektore horretan, zenbait kasutan digitu bikoitzak ere lortu dira. Baina gerrak konfiantza eta inbertsioa murriztu ditu. Aurten positiboan bukatzera deitua zegoen eta orain ezinezkoa da nola amaituko den jakitea.
    • EIKTak: merkatuak eraldaketa digitalarekin konprometituta jarraitzen du, eta horrek teknologiako eta ezagutzako enpresak animatzen ditu, nahiz eta oraindik ez dakiten nola eragingo dien gatazka belikoak. Deigarria da sektoreak 1.000 lanpostu baino gehiago dituela hutsik, profil teknologiko eta espezializaturik ez dagoelako.
    • Garraioak, mugikortasuna eta logistika: oraindik ez da pandemia aurreko egoera berreskuratu, enpleguan izan ezik, nabarmen hobetu baita. Euskadin Brexit-ak mesede egin dio sektoreari: zifra onak lortu ditu Erresuma Batuarekin eta Irlandarekin itsas merkataritzan. Hori bai, ziurgabetasunari eusten dio, gainerako sektoreek bezala, Ukrainako inbasioaren ondorioengatik.

Lotutako albisteak

16 abendua, 2024 I+G
Euskadiko mila enpresa eta agente teknologiko baino gehiago baliatu dira 2024an Eusko Jaurlaritzaren I+G programaz
Irakurri gehiago
12 abendua, 2024 I+G
Izen-ematea zabalik dago IAM4EUrekin, Material Aurreratuen Aliantza Estrategikoarekin, bat egiteko
Irakurri gehiago
9 abendua, 2024 I+G
Ekonek lehortze-teknologia berrasmatzen du, produktu likidoak eta oretsuak hauts edo pikor bihurtuz
Irakurri gehiago
27 iraila, 2024 I+G
Mikel Jauregi sailburuak makina-erremintaren sektorea bisitatu du, euskal ekonomiarentzat funtsezkoa den industria
Irakurri gehiago
26 iraila, 2024 Berrikuntza
Bilbora itzuliko da Leaders in Tech Conference
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak