Elkarrizketak 20 Marzo, 2023

Farmaconsulting liderra da aholkularitza farmazeutikoaren Estatuko merkatuan

Konpainia arabarrak 80 profesional eta bost ordezkaritza ditu, eta bere egoitza berria irekitzekotan da, 1,4 milioi euroko inbertsioa egin ondoren

Inon bada merkatu espezializaturik eta erregulazio-indize zorrotza duenik, merkatu farmazeutikoa da hori, zalantzarik gabe. Eta duela hogeita hamar urtetik Farmaconsulting enpresa arabarrak paper garrantzitsua du esparru horretan, aholkularitza farmazeutikoan espezializatuta dagoelarik. Liderra da esparru horretan, enpresaren ordezkaritza-sarera (Madril, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza, A Coruña…) biltzen diren bere 80 profesionalen ezagutza teknikoari esker. Enpresa Gasteizko egoitza berri eta jasangarria irekitzekotan da. Eraikin aski ezaguna da, 1,4 milioi euroko inbertsioa egin dute bertan eta, Alfredo Alonso zuzendari nagusiak azaldu duenez, lan-espazioa ez ezik, topagunea eta lankidetzarako gunea ere izango da sektore farmazeutikoarentzat.

 

Hasi baino lehen, koka gaitezen. Zein testuingurutan sortu zen Farmaconsulting duela 30 urte?

Gure helburua zen sostengua eta aholkularitza eskaintzea  gure Osasun Sistema Nazionaleko (SNS) oinarrizko agente bati, hots, agente farmazeutiko komunitarioari. Benetan sektore delikatua da gurea, erregulazioz betea, eta oso ongi jabetzen gara egoera horretaz. Horregatik, ase gabe zegoen premia bat detektatu genuen, eta erabaki genuen aholkularitza integrala eskaintzea agente farmazeutiko komunitarioari bere farmazia-bulegoaren ondare-kudeaketarako.

Eta hiru hamarkadatik gorako esperientziaren ondoren, zein da zuen enpresaren “osasuna” gaur egun?

Gure esperientzia eta gure bezero exijenteen aitortza dela medio, Espainiako onenak izatera iritsi gara, eta hori lortu badugu izan da Farmaconsulting osatzen duten pertsonen lan bikainari esker. Azken hiru urteetan urteko % 20tik gorako hazkunde-tasak erregistratu ditugu eta egun adituak gara hainbat arlotan -esaterako, finantzak, lege arloa, kudeaketaren analisia, antolakuntza eta talentua, marketina edo negoziazioa-, denak ere osagai teknologiko handikoak.  Gure metodologia lagun, eta lana ulertzeko dugun moduak bultzaturik, hau da, uneoro bikaintasuna bilatzen dugularik, 7.000tik gora familiak jarri dute gugan euren konfiantza.

 

 

Farmaconsulting-ek egiten duen lana hobeto ulertzeko, azalduko zeniguke zein den zuen zeregina?

Bereizten gaituen balio-proposamena hiru baloretan oinarritzen da: eraginkortasuna, segurtasuna eta espezializazioa. Ekonomia moderno eta garatu batean, sektore handiek zerbitzu aurreratu eta sofistikatuz osatutako ekonomia bat behar dute. Eta gu eboluzio horren oinordekoak gara. Sektore farmazeutikoa eta farmazia-bulegoa erreferente absolutuak dira kudeaketaren kalitatean eta gizartearentzako zerbitzuan, eta gurea bezalako enpresak behar dituzte kudeaketan laguntzeko eta ondarearekin lotutako erabaki garrantzitsuak hartzeko.

Mintza gaitezen 2023rako proiektu handiaz, zuen egoitza jasangarria izango den horretaz. Nola sortu zen? Zer espero duzue eraikin horretatik?

Hazkunde bete-betean gaude, eta kalitate eta erreferentziazko espazio bat behar dugu gure lantaldearentzat, bai egun dugunarentzat eta bai etorkizunean etorriko direnentzat. Berrikuntza-zentro jasangarri bat sortu nahi dugu, non teknologia pertsonen zerbitzura egongo baita, eta pertsonak erdigunean. Eta zentro horretatik sektorearen zerbitzura jarriko dugu gure ezagutza guztia. Asmoa da gure eraikinean agente farmazeutikoak bilgune bat izan dezala bere elkarteekin, elkargo profesionalekin, unibertsitatearekin edo industriarekin, banatzaileekin nahiz administrazioarekin, betiere gure hiriaren eta gure gizartearen ongia bilatuz.

Nolakoa da egoitza berri hori?

Jovino Martínez Sierrak diseinatutako zentro honek 3.000 metro koadro izango ditu, eta azalera horren barruan egongo dira bai eraikina bera eta bai lorategi jasangarri bat.  Obra modernoa izango da, inguruko arkitekturan guztiz integratua. Plastiko mota jakin batez eta zur birziklatuzko zuntzez (% 95) eginiko xaflak erabiliko dira fatxadan, inguruko zura imitatuz.  Material horrek eguzkiaren eragina mugatuko du eta eraikin barruko premia energetikoak gutxituko ditu, argiztapen naturala ahalbidetuz.

Zein da horrelako obra baten inspirazio-iturria?

Gure asmoa zen espazio bat sortzea, gure langileek eta gure bisitariek euren zerbitzura jarritako teknologia aurreratudun eremu irekiak izan ditzaten lankidetza sustatzeko. Jasangarritasuna eta eraginkortasun energetikoa oinarrizkoak dira diseinuan, baina orobat funtsezkoa da gure lantaldearen eta bisitarien ongizatea. Horregatik aintzat hartu ditugu airearen kalitatea, tenperatura eta eguzkiaren eragina, egunerokotasuna erosoa izan dadin.

Espazio hibridoa izango dela diozue…

Multimedia teknologia oso aurreratuz hornitutako auditorio multifuntzional bat daukagu, sinposiumak, konferentziak, prestakuntza-ikastaroak edo tailerrak egiteko. Komunitate farmazeutikoko kide guztiek erabili ahal izango dute. Eraikina espazio hibrido eta domotizatua da, pertsonak erdigunean jartzen dituena eta lorategia ere zaintzen duena, zeinak ur premia gutxi baitu eta ez baitu behar motordun makinarik mantenimendu-lanetarako.

 

Zein toki izango du prestakuntzak egoitza barruan?

Guretzat prestakuntza funtsezkoa da gure lantaldearen garapenerako. Badaukagu Universitas Farmaconsulting unitatea, areto polibalentez osatua eta ekipamendu aurreratuz hornitua, gure prestakuntza-zentroaren operazioetarako oinarri izango dena.

Estatu mailan lan egiten duen konpainia izaki, zergatik aukeratu duzue Gasteiz enpresaren egoitza jartzeko?

Gasteiz oso toki berezia da gure antolakundean, “hazten ikusi gaituen hiria” delako. Gainera, bikaina da gure berrikuntza-zentro jasangarri berria eraikitzeko bere baloreengatik, inguruneari dion errespetuagatik, eta berrikuntza eta hazkunde teknologikoaren alde egin duen apustu irmoagatik. Era berean, harro gaude guk ere lagunduko diogulako hiriari hazten jarraitzen eta aitzindari izaten ongizatean, jasangarritasunean nahiz berrikuntzan.

Noiz zabalduko dituzue ateak?

Lehen harria jarri dugu; espero dugu proiektua amaiturik egongo dela urtearen bukaeran, eta erabat operatibo 2024ko udaberrian, betiere dena aurreikusi bezala badoa.

Lotutako albisteak

Ibarmia:  “Abangoardian  egoteko  eta  prestazio  handiko  makinen  fabrikazioan  erreferente  izateko  lan  egiten  dugu”
06/11/2024 I+G+B

Ibarmia: “Abangoardian egoteko eta prestazio handiko makinen fabrikazioan erreferente izateko lan egiten dugu”

Enpresa gipuzkoarrak berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egin du, ekoizpena optimizatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

Orai:  “Adimen  artifizialerako  gure  neurona-eredua  euskarazko  aurreratuena  da  ingurune  eskalagarrietarako”
30/09/2024 I+G+B

Orai: “Adimen artifizialerako gure neurona-eredua euskarazko aurreratuena da ingurune eskalagarrietarako”

Elhuyarreko adimen artifizialeko zentroak Llama-eus-8B garatu du, eredu fundazionala (adimen artifizial sortzailearen oinarri gisa erabiltzen den eredu-mota), euskara idatzia ulertzea eta sortzea eskatzen duten sistemak garatzeko.

HINEk  50.  urteurrena  ospatuko  du  sistema  hidraulikoetako  munduko  lider  gisa
26/06/2024 I+G+B

HINEk 50. urteurrena ospatuko du sistema hidraulikoetako munduko lider gisa

Olaberriko enpresak 700 langile ditu eta 200 milioiko fakturazioa, eta industrian eta energia berriztagarrietan espezializatuta dago

Pospoloak  eta  aterkientzako  egiturak  egitetik,  automobiletarako  motelgailuak  eta  norabide-zutabeak  egitera
19/06/2024 I+G+B

Pospoloak eta aterkientzako egiturak egitetik, automobiletarako motelgailuak eta norabide-zutabeak egitera

Hijos de Juan de Garay enpresaren 160 urteko historiak dibertsifikazio berezia izan du eta, gaur egun, zehaztasun handiko hodien fabrikaziorako munduko erreferente bihurtu da

Paturpat:  “Produktu  naturala  egiten  dugu,  patatarekin  errezetak  egitean  denbora  eta  kostuak  murriztea  lortzen  duena”
17/06/2024 Ekintzailetza

Paturpat: “Produktu naturala egiten dugu, patatarekin errezetak egitean denbora eta kostuak murriztea lortzen duena”

Enpresa arabarra hirugarren fabrikazio-lerro bat instalatzen ari da, etorkizuneko produktu-eskaerei aurre egiteko, eta ekonomia zirkularreko proiektu europar batean parte hartzen ari da.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.