Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 18 maiatza, 2021 I+G Lurzorua Sprilur

Grupo Gestionet: “Berrikuntza premia bat da, ez luxu bat”

Gestionet Taldea, Sprilur-ek kudeatzen duen Erandioko Axpe enpresa-eremuan dago, eta irtenbide digital berritzaileak garatzen ditu Espainiako eta Latinoamerikako enpresentzat.
Juan de Miguel, CEO eta Iñigo Ocariz, Gestionet taldeko bazkide fundatzaileak

Juan de Miguel-ek, Grupo Gestionet-eko CEO, gamifikazio arloko euskal konpainia aitzindariaren fundatzaileak dio Zure enpresa erreplikatzera mugatzen bada, berandu dabil”

Aldaketak hain azkar gertatzen ari diren eszenatoki honetan, berrikuntza inoiz baino garrantzitsuagoa da, bizirauteko mekanismoa baita enpresentzat eta mota guztietako antolakundeentzat. Enpresa batzuek badituzte lehiakortasun-abantailak errealitate horri aurre egiteko, mende honen hasieran txertatu baitzuten berrikuntza euren izateko arrazoian. Etengabeko entzuketa aktiboaz baliatu ziren premiak eta arazoak hautemateko. Horietako bat da 2021 honetan bere 20. urteurrena ospatuko duen Gestionet Taldea.

Sprilur-ek (Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikia eta SPRI Taldean integratua) kudeatzen duen Erandioko (Bizkaia) Axpe enpresa-guneko bere instalazioetatik, Gestionet-ek konponbide digital berritzaileak garatzen ditu Espainia eta Latinoamerikako multinazionalentzat. Aitzindaria izan da gamifikazioaren –tresna profesionalen ludifikazioa- erabileran, zeinaren bidez helburuak lortzen baitira erabiltzailearentzat abegitsuagoa den esperientzia bat baliatuz. Era berean, enpresentzako simulagailuetan espezializatu da eta talentuaren kudeaketa-ziklo osorako konponbideak egiten ditu (langileen aukeraketa, profesional berriak enpresan sartzeko on-boarding-a, gaitasunen trebakuntza eta garapena, komunikazioa…).

Berriki, Gestionet taldeak azken belaunaldiko Internet bidezko prestakuntza-plataforma bat (eLearning) abiarazi du: LXP, Learning Experience Patform. Bestalde, konponbideak garatzen ari da ekonomia berdearen eskakizunei erantzuteko. Zentzu horretan, bere I+G saila indartu du garapen jasangarri, deskarbonizazio eta oro har klima aldaketaren kontrako produktu teknologikoetan espezializatutako langileekin, sektoreko berrikuntzan aritzeko.

 


Zein da hain pertsona gutxirekin hainbeste lortzeko sekretua? Une honetan ez zarete berrogeita hamar lagun baino gehiago plantillan…

Nire ustez, proiektuetan inplikatzea da giltzarri garrantzitsuenetako bat. Hemen lan egiten dutenak gustura daudelako ari dira. Gure proiektuek motibatzen dituzte, profesional handiak dira eta, horrez gain, pentsatu nahi dut -halaxe erakusten didate egunero- oso lantalde kohesionatua garela.

 

Zergatik erabaki zenuten Erandioko Axpe enpresa-gunean kokatzea?

Erandioko Axpe enpresa-gunea aukeratu dugu, estrategikoa delako: Bilbo eta Getxo artean dago, eta Barakaldotik hurbil. Gainera, metroaren ondoan dago eta hori funtsezkoa da gure talentuarentzat.

 

Nola lantzen du berrikuntza Gestionet taldeak?

Berrikuntza premia bat da, ez luxu bat; gure DNAren parte da. Teknologia bezalako sektore konplexu eta dinamiko batean, berritzen ez duen enpresa bat porrotera kondenatua dago ezinbestean. Gaur egun ondo baino hobeto dakigu lau urte barru ez dugula fakturatuko orain fakturatzen duguna. Horregatik, orain pentsatu behar dugu nolako diru-sarrerak edo fakturazioa izango dugun lau urte barru. Aurreikuspen hori sortu egin behar da, aztertu egin behar dira joerak eta berrikuntza aplikatua, premia zehatzei erantzuteko sormenetik abiatuta.  Horra berezi egiten gaituzten elementu batzuk.

 

Berrikuntza aplikatua aipatu duzu, enpresaren barruan ere aplikatu al duzue? Eta hala bada, nola?

Pertsonak dira gure core business­-a. Hortxe dago talentua, horixe da gainerakoengandik bereizten gaituena. Talentuan inbertitzea enpresan eta gure etorkizunean inbertitzea da. Gure asmoa da pertsonek euren sormena eta talentua jar dezatela enpresa talde osoaren zerbitzura. Mikro-berrikuntza programa bat garatzen ari gara, non lantaldeko kideek euren lanorduen zati bat erabil baitezakete berrikuntza handien ernamuin izan daitezkeen elementuak edo prozesuak ikertu eta garatzeko. Berrikuntza horiek bakarkako talentutik sortu daitezke, eta gero proiektu kolektibo bihurtu.

 

Zuen balio-proposamenean konponbide digital berritzaileak nabarmendu dituzue. Nola garatzen dituzue? 

Hemen bi bide dauzkagu, eta bat merkatutik abiatzen da. Kontaktu onak ditugu eta enpresa handien hornitzaile gara (asko IBEXekoak dira). Baita Latinoamerikan ere. Bezero horiekin harremanetan jarri eta euren premien berri izatea termometro bat da guretzat, horrela jakin baitezakegu nolako premiak dauden sektore bakoitzeko merkatuan. Informazio hori inspirazio-iturri bat da, bai enpresa jakin batzuentzako bakarkako proiektu pertsonalizatu eta esklusiboak garatzeko, eta bai merkatuan probatuko ditugun gai eta joerak sortzeko eta produktu edo prototipoak garatzeko. Beste enpresa batzuek egiten dutena erreplikatzera mugatzen bazara, berandu zabiltza. Pentsatu behar duzu zer beharko duen merkatuak datorren urtean, edo bi urte barru, unea iristen denean prest izateko konponbide egokiena. Bestela, beti azkena izango zara.

“Jasangarritasunak ez du atzera bueltarik, ekonomia berderako
konponbide digital berritzaileak garatzen ari gara”

 

20. urteurrena ospatzen ari zarete. Zer esan nahi du mugarri horrek fundatzaile zaren horrentzat? Zer suposatzen du zure buruan sortu zen enpresa hura hain urrun iritsi dela ikusteak?

Irakurketa ugari egin daitezke. Ekintzaile bezala, gizaki bezala, harrotasunez betetzen nauen mugarri bat da. Bidea ez da izan erraza. Ekintzailetzan jardun den edo negozio bat garatu duen edonork daki hori. Oztopo ugari gainditu behar dira. Sekulako arrakasta da hain dinamikoa den sektore batean bizirik jarraitzea. 20 urte hauek hasiera besterik ez dira izan. Urte hauetan informazio asko bildu dugu, hau da, ezagutza -lortzea oso zaila den know how bat- geureganatu dugu eta orain sinbiosi perfektuan uztartu ditugu teknologia eta beharrizanen eta eskatzen diren produktu eta irtenbideen ezagutza, gure onena emateko enpresa eta pertsona gisa. Eta ospatu egin nahi dugu mugarri hori. Gure ikerketen arabera, urtemuga hori beteko duen lehen enpresa gara serious games direlakoen gamifikazio eta garapen sektorean. Baina hori ez zaigu nahikoa. Oraina eta etorkizuna dira garrantzitsuenak. Talentua funtsezko osagarri bat izango da, balio bereizgarria. Makinak commodity bat izango dira, eskura dauden lanabes hutsak; pertsonak izango dira faktore bereizgarria. Talentua lantzea eta talentuan inbertitzea funtsezkoa izango da.

“Talentuan inbertitzea enpresan eta gure etorkizunean inbertitzea da”

 

Nahiz eta diozun iraganak ez daukala orainak eta etorkizunak bezainbat pisu, hogeigarren urteurrenean atzera begiratuko da eta enpresak izan duen aldaketa ikusiko da. Nola hasi zen? Nolakoa izan zen hasiera hori?

Ez ginen hasi garaje batean, baina bai bulego oso txiki batean. Une hartan gure helburu nagusia zen enpresentzako simulagailuak garatzea, horixe zen gure negozio-plana. Gure jomugako publikoa unibertsitateak eta negozio-eskolak ziren batez ere. Business games direlakoak sortu nahi genituen, enpresa baten funtzionamendua imitatzen duten eta erabakiak hartzen laguntzen dizuten simulagailuak. Batzuetan ordea negozio-planak desbideratu egiten dira. Hemezortzi hilabete behar izan genituen ustez urte erdian egitekoa zen simulagailua egiteko. Hori gertatu zen artean ez genuelako inoiz sortu horrelako ezer, nahiz eta bagenuen esperientzia beste gauza batzuetan. Aprobetxatu genuen lehendik geneukan ezagutza, diseinu, programazio eta sorkuntza arloetako profesionalei transmititua geniena, eta ohartu ginen bazegoela simulagailuak finantzatzeko beste nitxo bat: gamifikazioa. Hori horrela, negozio-ildo berri bat ireki genuen enpresan, simulazioarena mantenduta. Hasierako urteetan dena oso eskuzkoa izan zen, eta bezeroei oso tratu fina, hurbila eta pertsonalizatua ematen genien.

 

Aldatu al da bezeroaren esperientzia lantzeko modu hori?

Ez, ez. Hori ez dugu galdu nahi izan. Urteotan ahalegin handia egin dugu hori mantentzeko. Indargune bat izan da gure enpresarentzat, eta neurri handi batean horregatik gaude hemen, etorkizunari aurre egiteko hain kementsu eta osasuntsu. Garai hartan enpresa aitzindari bat ginen eta bezeroak gure bila etortzen ziren. Gero, finantza arloko krisia etorri zenean, ikusi genuen alderdi batzuk birdefinitu behar genituela. Estatu osora ere zabaldu beharra genuen. Ikusi genuen horrelako produktuen beharra bazegoela, eta lanean hasi ginen enpresa handiekin, asko IBEXekoak. Gehienbat banku sektorean aritzen ziren, energia sektorean eta retail arloan. Hortik aurrera ohartu ginen asko geneukala emateko nazioartean eta bazegoela merkatu-aukera bat hor, eta behin krisia gainditutakoan erabaki genuen begeneukala nahikoa kemen eta finantza-baliabide nazioartekotze faseari ekiteko.

“GJHk ez dira bakarrik enpresa handientzat; gainerakook ere geure hondar alea
jarri behar dugu eta eragile garrantzitsuak izan gure ingurunean”

 

Nola egin zenuten jauzi beste herrialde batzuetara?

Kolonbian hasi ginen eta Perun jarraitu genuen, leku bakoitzean filial bat irekita. Lortu genuen oso enpresa handientzat lan egitea, multinazionalentzat. Oso merkatu zail eta exijenteak dira, euren produktuak LATAMen sartu nahi dituzten herrialde guztietako markekin lehiatu behar duzulako. Hor arrakasta izateak erakusten dizu zenbateraino zaren lehiakorra. Nahiz eta leku horietan merkatua irekitzea esperientzia zaila eta gogorra izan den, zazpi urteko bidea egin dugu jadanik, eta aurrera jarraitzeko asmoa dugu.

 

Horixe galdetu nahi nizun. Nolako etorkizuna ikusten diozue Gestionet Taldeari? Zein da zure ikuspegia bazkide fundatzaile zaren aldetik? Norantz zuzenduko duzue zuen lana hemendik aurrera?

Badaude funtsezkoak diren hainbat ildo. Bata da diagnostikoak egiten dituzten eta arlo profesionalean pertsonen gaitasun eta trebeziak indartuko dituzten tresnak garatzea. Gure ustez, arlo horrek hazten jarraituko du. Enpresak gero eta kontzientziatuago daude kontu honekin. Pandemiaren krisiak behar bat sortuko du erakundeetan pertsonak indartu eta ahalduntzeko eta, bide horretatik, euren lana hobetzeko. Gure baloreak zeharo bateragarriak dira NBEren Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH), uste dugulako ez direla soilik enpresa handientzat, gainerakook ere gure hondar alea jarri behar baitugu eta eragile garrantzitsu izan gure ingurunean. Horrez gain, ekonomia berdearen arloa indartu nahi dugu. Ia betidanik landu dugu, batez ere hedapenari dagokionez, baina orain ikusgarritasuna eman nahi diogu, balioan jarri eta egituratu, horrela kalitate handiko produktu eta konponbide eskaintza bat sortzeko, merkatuari lagunduko diona eta bidean barneratutako ezagutza bere baitan izango duena. Jasangarritasuna funtsezkoa da, ez dago atzera bueltarik. Erakundeek urrats erraldoia eman dute arlo horretan, batik bat konpromiso publikoari dagokionez, eta orain enpreson eta hiritarron txanda da.

 

 

 

 

 

Lotutako albisteak

6 Azaroa, 2024 I+G
Ibarmia: “Abangoardian egoteko eta prestazio handiko makinen fabrikazioan erreferente izateko lan egiten dugu”
Irakurri gehiago
30 iraila, 2024 I+G
Orai: “Adimen artifizialerako gure neurona-eredua euskarazko aurreratuena da ingurune eskalagarrietarako”
Irakurri gehiago
26 ekaina, 2024 I+G
HINEk 50. urteurrena ospatuko du sistema hidraulikoetako munduko lider gisa
Irakurri gehiago
19 ekaina, 2024 I+G
Pospoloak eta aterkientzako egiturak egitetik, automobiletarako motelgailuak eta norabide-zutabeak egitera
Irakurri gehiago
17 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Paturpat: “Produktu naturala egiten dugu, patatarekin errezetak egitean denbora eta kostuak murriztea lortzen duena”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak