Imanol Pradales Lehendakariak etorkizuneko abiazioa bultzatuko duen ITP Aero zentro berria inauguratu du
- “Sektore aeronautikoa eta aeroespaziala gure industria aurreratuaren eta gure gaitasun estrategikoen ikurretako bat da. Gure ongizateari bultzada ematen dio, kalitatezko enplegua sortuz, talentua erakarriz eta sustatuz, tokiko hornikuntza-katea dinamizatuz”, azpimarratu du Imanol Pradales lehendakariak
Imanol Pradales Lehendakariak, Pedro Sánchez Gobernuko presidentearekin batera, ITP Aero enpresaren ADMIRE (Advanced Manufacturing Aerospace Center) fabrikazio aurreratuko zentro berria inauguratu du gaur goizean. Aeronautika jasangarriko erreferentzia-zentro horri esker, kualifikazio handiko 150 lanpostu baino gehiago sortuko dira, eta Euskadi sektore aeroespazialean erreferente izango da.
24 milioi euroko inbertsioarekin, ADMIRE zentroak, ITP Aeroren Zamudioko egoitza nagusian dagoenak, helburu hauek ditu: material berriak ikertzea, konplexutasun handiko piezak garatzea eta konponketak bultzatzea irtenbide berritzaileak eskainiz abiazio komertzialaren hazkunde bizkorrari eta sektorearen behar berriei aurre egiteko.
Inaugurazio-ekitaldian, Pradalesek Euskadiko sektore aeronautikoaren eta aeroespazialaren garrantzi estrategikoa azpimarratu du, Lehendakariak adierazi duenez, “sektore aeronautikoa eta aeroespaziala gure industria aurreratuaren eta gure gaitasun estrategikoen ikurretako bat da. Gure ongizateari bultzada eta babesa ematen dio, kalitatezko enplegua sortuz, talentua erakarriz eta sustatuz, tokiko hornikuntza-katea ETEen eskutik dinamizatuz eta ikerketan eta garapenean inbertituz, eraldaketa digital eta ekologikoan aukera berriak bilatzeko”.
Berrikuntzarekiko eta jasangarritasunarekiko konpromiso horren adibide da ADMIRE zentro berria, fabrikazio aurreratuko teknologia eta iraunkortasun-irizpideak bateratzen dituena. Lehendakariak gogorarazi duenez, “2023an, Boeing 787 batek hegan egin zuen lehen aldiz Londrestik New Yorkera, % 100 erregai jasangarriarekin, eta Euskadi mugarri historiko horren parte izan zen, ITP Aerok diseinatu, ekoitzi eta muntatutako teknologiarekin. ‘Made in Euskadi’ teknologia”.
Bere hitzaldian, Pradales Lehendakariak adierazi du, halaber, “teknologia disruptiboen garapen handien atarian gaudela, planetatik bidaiatzeko eta mugitzeko modua eraldatuko dutenak. ITPk ilusioz beteriko hegaldi bati ekin dio, etorkizuneko hegazkinentzat, deskarbonizazioaren eskakizuna lehiarako aukera bihurtuz”.
Pradalesek nabarmendu du, halaber, erakundeen, enpresen eta zentro teknologikoen arteko lankidetzak eta prestakuntza-zentroek duten garrantzia, aireko garraioaren karbono-aztarna murriztuko duten aurrerapen teknologikoak garatzeko, alternatiba berritzaileak eta iraunkorrak bultzatuz, motor eraginkorragoak diren aldetik.
Eusko Jaurlaritzak proiektu honekin duen konpromisoa enpresen sustraitzeari ematen dion laguntzatik harago doa; sektorearen etorkizunaren aldeko apustu sendoa da. Lehendakariaren arabera, “Europak apustu sendoa egingo du bere industria-ehuna babesteko. Sektore aeronautikoa eta aeroespaziala protagonista izango da Europako industriaren berpiztean, eta ITP Aero enpresa giltzarrietako bat da horretarako”.
Amaitzeko, Imanol Pradalesek azpimarratu du Euskadik beti jakin izan duela egoeretara egokitzen eta lehiakortasuna bermatzen: “Historian zehar, gure herriak etorkizunari aurrea hartzen jakin izan du. Eta ziur nago orain ere lortuko dugula. Oinak lurrean, gure neurriaz jabetuta, baina anbizioari inoiz uko egin gabe”.
Lotutako albisteak

Connect Group, zentro teknologikoa Donostian duen multinazionala
Donostiako lantegiak SPRI Taldearen BDIH Konexio programaren laguntza jaso du, eta urtean bi milioi txartel elektroniko diseinatu eta fabrikatzen ditu

Eusko Jaurlaritzak Bikaintek programa zabaldu du enpresetan ikerlariak kontratatzea sustatzeko
2025erako planak 5,7 milioi euroko aurrekontua du eta urtean 60.000 euro bitarteko dirulaguntzak eskaintzen ditu kontratazio bakoitzarentzat

Lehendakariak I+Med laborategiko instalazio berriak bisitatu ditu, munduko lehen Nanohidrogel Adimendunen Institutu Biomedikoa
"Gure helburua da gero eta ikertzaile eta ekintzaile gehiago egoteko baldintza egokienak sortzea"

Bianditz, esku-erremintak, doitasuneko piezak eta kautxuzko injekzio-moldeak fabrikatzen dituen 60 urteko enpresa
Irunen kokatuta dagoen konpainiak, azken urtean fakturazioa % 30 handitu duenak, SPRI Taldearen zibersegurtasun-programako laguntza jaso du

“Innovation Land” lelopean, Euskadik Transfiere 2025 Europako zientzia, teknologia eta berrikuntzarako fororik handienean parte hartuko du
Euskadik presentzia nabarmena izango du programa ofizialean, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako, SPRI Taldeko, Tecnaliako eta ZITUko arduradunek parte hartuko baitute