Jorge Presa, Cyber Surgery enpresako zuzendari nagusia: “Bizkarrezurreko ebaketak seguruagoak eta azkarragoak dira gure robotari esker”
Cyber Surgery laguntzaile robotiko bat da, aukera ematen duena segurtasuna eta zehaztasuna hobetzeko bizkarrezurreko ebaketa delikatuetan. Proiektu hori Egile talde gipuzkoarraren I+G departamenduan sortu zen, eta prototipoaren arrakasta ikusirik, erabaki dute enpresa bezala eratzea sistema berria industrializatzeko. Duela gutxi, Enpresa Berriaren saria irabazi dute Toribio Echevarría lehiaketaren XXVIII. edizioan.
Zertan datza Cyber Surgery laguntzaile robotikoa?
Bizkarrezurreko ebaketen artean bada bat nahiko maiz egiten dena, baina era berean oso konplexua eta delikatua dena: torloju traspedikularrak jartzea. Zehaztasun handiz egin beharreko lana da, akats txiki batek ere ondorio larriak izan baititzake, eta medikuek eskuz egiten dute ia erabat. Cyber Surgery robotak irudi medikoak erabiltzen ditu zirujaua bere lanean gidatzeko, eta torlojua non sartu behar duen erakusten dio, zuzenean joan dadin ornoaren kanalera, arriskuak saihestuz. Horri esker, ebaketak seguruagoak dira eta ez hain erasokorrak.
Nondik atera zen robot hau sortzeko ideia?
Egile taldeak ibilbide luzea du osasun arloko ikerketaren arloan. 2006an sortu genuen inplante pertsonalizatuak egiten dituen Createch Medical enpresa, eta hurrengo urteetan hasi ginen lantzen aurpegi-masailetako egiturak eta bizkarrezurreko protesi pertsonalizatuak. Ordu asko igaro ditugu ebaketa-gelan eta badakigu nola egiten duten lan medikuek, hala, ohartu ginen prozesua eskuz egiten zela ia erabat, eta horrek akatsak eragin zitzakeela. Eta 2013an, laguntzaile robotikoa garatzen hasi ginen.
Eta zein puntutan zaudete?
Urte hauetan taldearen I+G arloko proiektu bat izan da, baina emaitza onak lortu ditugu eta iazko urtearen amaieran nazioarteko bi patente lortu genituen. Arrakasta izan dugu animaliekin eta giza gorpuekin eginiko probetan Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ospitalean, eta Nafarroako Unibertsitate Klinikarekin ere kolaboratu dugu. Enpresa sortu ondoren, bidelagunak bilatzen hasi gara. Akordio bat sinatzen ari gara osasun sektoreko bazkide batekin, eta finantzaketa-erronda garrantzitsu bat ixteko zorian gaude. Duela gutxi, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean kokatu gara, hazkunde-igurikapen handiak ditugu eta.
Zein neurritaraino hobetzen ditu ebaketak zuen robotak?
Azterlanek erakusten dute torlojuen %6-15 gaizki ezartzen direla, eta %2 zuzentzeko beste ebaketa bat egin behar izaten da. Egin ditugun proben arabera, posible dugu bigarren ebaketa hori behar duten kasuen portzentajea saihestea eta segurtasuna hobetzea ebaketa guztietan. Gainera, ebaketak ez direnez hain inbaditzaileak, infekzioak izateko arriskua eta errekuperatzeko behar den denbora ere txikiagoak dira (bederatzi egun eta erditik seira murriztuko da). Halaber, murriztu egingo da ebaketak irauten duen denbora, zeren hain prozesu delikatua izaki, medikuak oso seguru egon behar baitu eta etengabe aritu behar baitu torlojua ukitzen eta X izpiekin egiaztatzen. Robota erabiliz prozesua azkarragoa da, ondorioz anestesia gutxiago behar da, eta ospitalearentzako kostua ere txikiagoa da, ebaketa-geletako orduak garestiak direlako.
Noiz iritsiko da ebaketa-geletara?
Oraindik bide luzea dugu egiteko, baina hori ez da negatiboa, oso ohikoa baita osasun sektorean. Badugu oso ongi dabilen prototipo bat, orain prestatu egin behar dugu industrializatzeko eta hain konplexuak diren araudi mediko guztiak betetzeko. Ondoren, entsegu klinikoak egingo ditugu urtebetez benetako pazienteekin. Beraz, ziurrenik 2021aren amaieran lortuko ditugu ospitaleetara eramateko behar diren ziurtagiri guztiak.
Lotutako albisteak

Industria Digitaleko laguntzek zure negozioaren eraldaketa digitala lortzeko bidea irekiko dizute
Industria Digitala 2025 laguntza-programaren aurtengo edizioa martxoaren 18tik irekita, 7.5 milioi €-ko aurrekontuarekin. Euren negozioa digitalki eraldatu nahi duten enpresek urriaren 31era arte aurkez ditzakete euren eskaerak.

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean 250309
Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

“Innovation Land” lelopean, Euskadik Transfiere 2025 Europako zientzia, teknologia eta berrikuntzarako fororik handienean parte hartuko du
Euskadik presentzia nabarmena izango du programa ofizialean, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako, SPRI Taldeko, Tecnaliako eta ZITUko arduradunek parte hartuko baitute

Euskadik Europan herrialde berritzaile gisa duen ahala finkatu du, enpresa txiki eta ertainen ahaleginari esker
Topaketak lurraldeko eta sektoreko berrikuntzaren 30 eragile eta Euskadiko 70 enpresa txiki eta ertain baino gehiago bildu ditu; eragile eta enpresa horiek 2023an berrikuntza-proiektu bat garatu dute HAZINNOVAren bidez, SPRIk eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak kudeatutako Eusko Jaurlaritzaren programaren bidez

Euskocam System S.L.-k elektrohigadurarako grafitozko soluzioak eskaintzen ditu
Elorrioko enpresak elektrohigadurarako grafito-elektrodoen diseinuan eta fabrikazioan zerbitzu integrala eskaintzen du, berrikuntzaren eta iraunkortasunaren aldeko apustu argiarekin.