HIZTEGIAREN PROIEKTUA

Aurkezpena

SPRI Hiztegia industria-sektorearen alderdirik aurreratuenari dagokion hiztegi espezializatua da. Sektore hori etengabe ari da kontzeptu berriak sortzen eta zaharrak eguneratzen. Horregatik, ezinbestekoa da berrikuntza horiei guztiei jarraipena egitea eta hala kontzeptuen edukia nola kontzeptu horiek izendatzeko terminoak ondo finkatzea eta baliabide batean biltzea eta argitaratzea. Hartara, modu batean edo bestean Industria Berriaren alorrean dihardugunok lan-tresna berri bat izango dugu, eguneroko zereginetan lagungarria izango zaiguna. Baliabide hori sortzeko, SPRI Taldeak Elhuyarko Hizkuntza eta Teknologia Unitatearekin elkarlanean jardun du, eta esku artean duzun hiztegi hau sortu du.

Argitalpen honekin, SPRIk ere bere alea jarri nahi izan du euskararen normalizazio-prozesuan, Industria Berriaren alorrean duen sustatzaile-rola hizkuntzaren eremura ere ekarrita. Euskarazko terminoen sorkuntzan bizkor ibili ezean, beste hizkuntza batzuetatik jasotako terminoak dira gailentzen direnak; batez ere, noski, ingelesetik datozenak. Batzuetan ezinbestekoa eta zuzena da euskarazkoak ez diren termino horiek erabiltzea (siglak, akronimoak, nazioartean oso finkatuta dauden ingelesezko terminoak…). Beste batzuetan, ordea, gaztelaniazko edo ingelesezko terminoak erabiltzen diren bezain natural eta eroso erabil daitezke euskarazkoak, baldin eta horietara iristeko modua badugu eta baldin eta horiek erabiltzeko ahalegina egiten badugu hasieratik.

Eta hori da, hain zuzen ere, SPRI Hiztegiaren nahia: batetik, jada sortuta dauden euskarazko terminoen zuzentasuna eta egokitasuna aztertzea edo termino berriak proposatzea; bestetik, oraindik euskarazko ordainik ez duten kontzeptuak izendatzeko euskarazko terminoak sortzea, erabiltzaileak aukera hori ere eskura izan dezan.

Nolanahi ere, hori ez da hiztegiaren helburu bakarra. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, hiru dira industriaren alorreko lan-hizkuntza nagusiak: euskara, gaztelania eta ingelesa. Horregatik, hiztegi honetan jasotako kontzeptuen ordainak eta definizioak ere hiru hizkuntzan eman ditugu, eta hiztegiaren interfazea ere hiru hizkuntza horietan erabil daiteke. Horrek, jakina, hiztegiaren erabilera-esparrua zabaltzen du, eta beste herrialde batzuetarako ere erabilgarri bihurtzen du.

Azkenik, SPRI Hiztegiaren erabiltzaileak irudikatzen ditugunean, era askotako pertsonak etortzen zaizkigu gogora: industriaren alorreko profesionalak, hezkuntzaren eremuko testu-sortzaileak, unibertsitateko eta lanbide-hezkuntzako ikasle eta irakasleak, itzultzaileak eta abar. SPRI Hiztegia kolektibo horiei guztiei zuzenduta dago, eta horien guztien informazio-iturri eta lan-tresna izan nahi du.

Gure proiektuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi sprihiztegia@elhuyar.eus helbidera, eta lehenbailehen erantzungo dizugu.

Hiztegiaren ezaugarri orokorrak

SPRI Hiztegiari ekitean, helburu bat genuen: 4.0 industriari edo Industria Berriari, oro har, buruzko oinarrizko terminologia fidagarri, landu eta eguneratua eskaintzea modu zehatz eta argian.

Hiztegi honek SPRI Taldean erabiltzen dugun dokumentazioa du oinarri; horregatik, esan daiteke erabileran oinarritutako hiztegia dela.Eguneroko lanean erabiltzen ditugun terminoak biltzen ditu, eta alor honen inguruko zalantzak argitzen lagundu nahi du.

SPRI Hiztegiak 918 kontzeptu ditu, eta kontzeptu guztiek euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko ordainak dituzte; guztira, 3.814 termino. Hiztegian bilaketa bat egin nahi dugunean, hiru hizkuntza horietako edozeinetatik abia gaitezke. Hizkuntza kontuan hartuta, hau da termino-kopuruaren banaketa (azken eguneraketa: 2023/10/19):

Gainera, kontzeptu gehienek definizioa ere badute —guztira, 354 kontzeptu daude definituta—, eta hori ere hiztegiaren oinarri diren hiru hizkuntzetan kontsulta daiteke.

Hiztegia egiteko, gaur egungo hiztegien joera hartu dugu kontuan, eta Elhuyarko Hizkuntza eta Teknologia unitateko I+G sailean garatutako teknologiak erabili ditugu.

Hiztegigintza-lana

Lantaldea

ZUZENDARITZA ETA KOORDINAZIOA

ZUZENDARITZA TEKNIKOA (Elhuyar):

ERREDAKZIOA (Elhuyar):

ADITUAK eta AHOLKULARIAK:

HIZKUNTZA-ZUZENTZAILEAK eta ITZULTZAILEAK:

LAN INFORMATIKOA (Elhuyar):

DISEINU INFORMATIKOA (Elhuyar):

Iturriak

Elhuyar hiztegia
ZTH hiztegia
Euskalterm
Wikipedia