teknologia disruptibo
Finkatuta dagoen teknologia bat ordezkatzen duen teknologia berria, merkatua aldatzen duena edo merkatu berri bat sortzen duena. Teknologia ordezkatuaren zaharkitze teknologikoa ekarri ohi dute.
Teknologia disruptiboek prestazio gutxi izaten dituzte hasieran, eta hain zorrotzak ez diren eta erosahalmen txikia duten kontsumitzaileei zuzentzen zaizkie. Pixkanaka, hobetuz joaten dira, eta ohiko teknologiek bazter utzitako merkatu-hobiak hartzen dituzte; batzuetan, merkatuko kuotarik handiena izatea ere lortzen dute, eta aurretik finkaturik zegoen teknologia ordeztea.
Teknologia disruptibotzat jo dezakegu, adibidez, argazkigintza digitalaren hastapena. Hasierako argazki digital haien bereizmena paperean errebelatutakoena baino askoz txikiagoa zen, baina errebelatze-kostuak asko murriztu ziren, eta, beraz, argazkigintza digitalak jende askorengana iristea lortu zuen. Gerora, teknologia hori asko hobetu da, eta nagusi da argazkigintzaren merkatuan.
Beste adibide bat telefonia mugikorra da. Hasieran, telefono mugikorrek oso prestazio gutxi zituzten (bateriek gutxi irauten zuten, handiak eta pisutsuak ziren...), eta azpiegitura ere eskasa zen (estaldura); halere, telefono mugikor bat eskuratzeko erraztasunak telefonia finkoaren disrupzioa ekarri zuen, eta, denborarekin, telefonia mugikorrak telefonia finkoaren tokia hartu du merkatuan, neurri handi batean.
Elhuyar hiztegia |
ZTH hiztegia |
Euskalterm |
Wikipedia |